XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Poesiaren jatorria

Bi teoria kontrajarri dira historian zehar poesiaren jatorriari buruz: batak, poetaren dohai berezietan edo inspirazioan ikusi izan du jatorri hori.

Besteak, poetak adierazpen edo hizkuntza egokiaren bila egiten duen lana azpimarratzen du; ihardunaren indarrez lor daiteke poesia, ez bestela.

Jarrera bien segida diakronikoa egingo dugu, labur bederen.

1. Inspirazioa poesiaren sorburu

- Platon-era arte irits gaitezke poesiaren jatorria musa edo izpirituren baten eraginean ikusten dutenen zerrenda egiterakoan.

Poeta ez da ezer sortzeko gai, jainko batek kanpotik etorri eta, arrazonamendua kenduz, inspiratzen duen arte, Platon-ek berak zioenez.

XV. mendean Florentzian, neoplatonikoek ideia bera bermatzen dute.

Kristau ikuspegitik, inspiratzen duena ez da, jada, musa, edertasunaren iturburu den Jainkoa bera baizik.

Berezko dohai, intuizio eta estasian sortzen da arte lana; erregelen arauerako ihardun nekosoak ez du ezertarako balio, inspirazioaren eraginik gabe.

Ideia bera dakar Pléiade izeneko idazle taldeak ere Frantzian, XVI. mendean.

Ronsard-ek poesia dohai absolutua dela errepikatzen du, esperientziaz, ikasketaz, ahalegin metodikoaz eta erregelen bidez lortu ezin dena.

XVIII. mendean, Neoklasikoak ezarri nahi zuen estetika intelektualistaren eta ilustratuen arrazionalismoaren aurka, kultura eta eredu guztien gainetik poetaren lanean agertzen den berezko indar misteriotsu bezala ikusten da sormen poetikoa.

Badago, hala ere, inspirazio platoniko eta kristau hartatik alderik.

Genio hitzak laburbiltzen du orain egokien poetaren izatea.

Diderot-ek genio eta gusto hitzak kontrajartzen ditu, bakoitza hobeto definitu nahirik.

Genioa, irudimenaren indarra, arimaren dinamismoa, profeten izpiritua da eta gustoa, kulturaren, ikasketaren, denboraren, erregelen eta ereduen fruitu.

Alemanek genioaren ideia hori jaso eta erromantizismora arte daramate.

1770 inguruan Alemania inarrosi zuen Sturm und Drang izeneko literatur mugimenduak guztiz bereganatu zuen genioaren irudi hori.